Utzi gaitzazu laguntzen
Oncera afiliatzea
ONCEko kide izateko, honako baldintza hauek bete behar ditu interesdunak:
- - Espainiako nazionalitatea izatea.
- Bi begietan gutxienez honelako ikusmena izatea: - • 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen zolitasuna (1/10 Wecker-en eskalan), ahalik eta ikusmen zuzenketa onenarekin neurtuta.
• 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua.
Afiliatu orduko bihurtzen dira interesdunak erakundearen zati, eta Estatutuetan adierazitako eskubide eta betebeharrak izango dituzte. Horretaz gain, erakundeak eskaintzen dituen gizarte zerbitzu espezializatu guztiak eskuratu ahal izango dituzte (errehabilitazioa, hezkuntza arreta, enplegua, kulturarako sarbidea…) eta kupoia saltzen edo erakunde barruan beste edozein lanpostutan lan egiteko aukera izango dute, betiere horrelakorik betetzeko gaitasuna izanez gero.
Urtero-urtero 4.000 pertsona inguru egiten dira erakundeko kide. Afiliatuei dagokienez, gaur egun % 20,78 erabat itsuak dira, eta % 79,22k ikusmen desgaitasun larria dute.
Itsutasuna prebenitzea
«Visión 2020» kanpainaren helburua itsutasun saihesgarria 2020rako mundu osoan erabat ezabatzea da.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Itsutasuna Prebenitzeko Nazioarteko Agentziak eta hainbat erakundek osaturiko talde batek, tartean ONCE, jardunaldiak eta ekintzak antolatzen dituzte hainbat gai jorratzeko, besteak beste, itsutasuna, ikusmen desgaitasuna eta ikusmen arazo larriak dituzten pertsonen errehabilitazioa.
OMEren arabera, urtean batez beste milioi eta erdi itsutasun kasu berri agertzen dira, nahiz eta horietako % 80 ekidingarriak eta tratatzeko modukoak izan. Prebentzio lana modu egokian eginez gero, askoz ere ikusmen arazo gutxiago sortuko lirateke munduko herrialderik behartsuenetan.
Munduan, ikusmen desgaitasuna duten 161 milioi pertsona inguru daude, eta horietatik 40 milioi itsuak dira guztiz.
ONCEk Espainiako zein nazioarteko erakundeekin egiten du lan itsutasun saihesgarriaren aurka borrokatzen; horrez gain, unibertsitateko ikerketa proiektuak finantzatzen ditu, besteak beste gaixotasun oftalmologikoekin loturiko gaiak aztertzeko.
Bestalde, ONCEk etengabeko arreta eskaintzen die aurrerapen zientifikoei eta Aholkularitza Genetikoko zerbitzua ematen die herentziazko edota jaiotzetiko gaixotasun bisuala duten kideei.
Gizarte ongizatea
ONCEk laguntzen eta prestazioen sorta zabala dauka afiliatuei gizarte ongizatea bermatzeko. Hori horrela, hainbat programa eskaintzen ditu; esaterako, etxez- etxeko laguntzak, premia bizikoak, teleasistentzia eta bakarrik bizi diren itsuen premiak artatzeko zerbitzua.
ONCEk, gainera, nagusiez eta pentsiodunez arduratuta, «Gizarte oporrak» eta «Udalekuak» antolatzen ditu urtero. Denbora librea, aisia eta natura oso garrantzitsuak dira gizarte modernoetan eta eragin positiboak dituzte ikusmen desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko orduan.
Erakundeak boluntariotza plana sustatzen du bere egoitza guztietan. ONCEren Boluntariotza Zerbitzuak bost lan programa ditu: laguntzazkoa, informazioaren irisgarritasunari buruzkoa, kulturari/jolasari buruzkoa, kirolari buruzkoa eta lanbide esperientziari buruzkoa. Azken horren helburua, lan programarako sarbidea erraztea da, interesdunari bere lan esperientziaz hitz egingo dion beste kide baten bitartez.
Urtero-urtero, adin tarte guztietako ehunka lagunek sinatzen dituzte zerbitzuak boluntario moduan musu truk emateko hitzarmenak. Hala, 1.300 boluntariok baino gehiagok 17.000 zerbitzu ematen dituzte batez beste.